ActualidadMercados Territoriales

Dokumentala estreinatuko dugu: Erreklama Ezazu Zure Merkatua!

5 juny, 2024

Ilusio berezia egiten digu «¡Reclama tu mercado!» dokumentala edonork ikusteko moduan dagoela iragartzea. Bidezko Elikadurak Dies d’Agost komunikazio-kooperatibarekin eta Natx.TV ikus-entzunezko euskarriarekin batera ekoitzia, Espainiako Estatuko udal-merkatuen sarearen egoera ikaragarri pobrea eta merkatuok biziberritzeko konponbide errealistak ditu hizpide.  

«¡Reclama tu mercado!» dokumentala kazetaritza-kutsuko erreportajea da, 18 minutukoa. Hasieran, Viceko udal-merkatuaren errealitatea erakusten du, barrutik hutsik dagoen eta gaur egun inolako erabilerarik ez duen eraikin erraldoiarena,   Kataluniako udal-merkatuen eta, bide batez, Espainiako Estatuko gainerakoen prekarietatea ezagutzera emateko adibide gisa. Arazoaren arrazoiak azaldu eta ondorioak salatu ondoren, dokumentalak diagnostiko goiztiarra eta alternatiba arrakastatsuak eskaintzen ditu, Azpeitiko eta Bergarako merkatu kooperatiboetan dagoeneko garatzen direnak.

Ikus-entzunezko lan honen azken helburua gure udal-merkatuak defendatzeko beharrari buruzko eztabaida soziala hedatzea zen, bai eta inguruabar historiko, politiko, ekonomiko eta sozialak tarteko ia atzera-bueltarik gabeko egoera honetara ekarri gaituzten arrazoiak ulertzea ere. Era berean, merkatuen egoera klase- eta genero-ikuspegiarekin jorratzen du, eta elikadura-subiranotasunaren eta justizia sozialaren koordenadak oinarri. Hedabide konbentzionalek erakutsi ohi dutenaren aldean, ikuspuntu berritzailea.

«¡Reclama tu mercado!» dokumentala Bidezko Elikaduraren izen bereko kanpaina orokorraren esparruko ekintzetako bat da, haren xedea gure udal-merkatuen sarea defendatzea eta eraldatzea izanik, supermerkatu-kate handien kanibalismoak eta ezkutuko pribatizazioak jota dagoenez gero. Bartzelonako merkatuen gainbeherari eta espoliazioari buruzko ikerketa sakon eta zehatzaren zabalkundea; laranja, udare eta limoi ustelez osatutako kontzientziatzeko kartelen arrakasta Espainiako hiri handietan, eskuineko alderdiak suminarazi zituzten horiena; Nekazari eta Abeltzainen Erakundeen Koordinakundearekin (COAG), Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Federazioarekin (CECU), Supermerkatu Kooperatiboen Sarearekin eta Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioarekin (CEAPA) batera kaleratutako manifestua; sustapen-bideo baten zabalkundea, sinadura-bilketa, ekintza zehatzak… horren guztiaren ondoren, dokumentalaren estreinaldia une egokian dator gizarteari bizi izaten ari garen errealitate deserosoaren berri ematen jarraitzeko: zerbitzu publiko, lokal, bidezko eta berde baten galera.

Bildutako testigantza guztiek, hala nola Javier Guzmán Bidezko Elikaduraren zuzendariarena, kaltetutako bizilagunen elkarteena, Joanes Amenabar Azpeitiko zinegotziarena, Olatz Lacomba Urkomeko teknikariarena, Ioritz Aizpuru Elikagunearen sustatzailearena, Elikaguneko kide Aiora Etxebarria eta Xabier Uzkudun ekoizleena, Ainhoa Lete Bergarako zinegotziarena, Aitziber Plazaola Elikaenearen sustatzailearena, eta merkatu itxi eta biziberrituetako kontsumitzaileena, ñabarduraz eta errealitate berriz betetzen dituzte gure udal-merkatuen iragana, oraina eta etorkizuna.

Udal-merkatuei esentzia publikoa itzultzea ez delako egiten diguten mesedea, baizik eta haien betebeharra eta GURE ESKUBIDEA. Merkatuak beti izango dira geureak.

Deskargatu hemen gure laburpena euskaraz